XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zakurrak zaunka eta zaunka ari dira.

Haizea ere badabil; hostoen tranbuilak xehatzen du bere indarra.

Oilarra al da orain nota berri luze bat sartu duen hori?

Ordu hauetan?

Hegaztiren boten algara basatiek asaldatzen dute gehien.

Eta Rambo ibiltzen den oihanetako kirrinka haiek efektu bereziak zirela uste zuen!

Zakurren erasoak baga jitean heltzen dira, ura joaterakoan hondarretan gelditzen den purtzileria lako soinu pitinagoak utziz, ezagutu ezin dituenak.

Ezin du lorik hartu.

Lau ordu beranduago ere bere hartan zegoen Dylan, eta ez zuen lorik hartuko ezustean euren autoa diskoteka ibiltari bilakatu duten parrandero horietako batek haranalde osoaren isiltasuna-edo apurtu ez balu.

Dylanek ez zuen garbi ikusi; tarteka biragune sakonen batetik ihesitako argi errainuak.

Inguruko baserriren batekoa izango zen.

Bakailao musikarekin zetorren, ez oso ona gainera, baina musika haren oihartzun urrunak ondo sentiarazi zuen berehala.

Etxean.

Gero Joe Cocker jarri zuen; neskaren batekin egongo zen.

Badirudi mundu guztiak uste duela Joe Cockerren musika, bere kantaren bat ez dakit zein pelikula ospetsutako strip-tease deigarriren baten erdian entzun zenetik, bikotearekin autoan entzuteko aproposena dela.

Musika gora etortzen sentitu zuen Dylanek.

Neska jaitsi zen, ezbairik gabe, orain Aerosmith entzuten baitzen.

Ondorengoa ez zuen identifikatu, baina onda bereko zerbait zen.

Eta azkenean orgasmoa: Metallica, menditzar haien erdian, zakurrak ere mututuz.

Haizearekin, bolumen gorabehera ugariz heltzen zitzaion.

Hura zen hura, zuzeneko emanaldietan bezala.

Tipoak ez zeukan presarik eta autoan zegoen.

Edo gurasoei behingoz eta betiko bere gustuak azaldu nahi zizkien.

Dylanek eserlekua atzeratu zuen, albo batera etzanez.

Dylanek ez zekien jainkorik zegoen ala ez, baina baldin bazegoen, eta han haiei begira bazegoen, musika hura iruditu zitzaion izan zitekeela eskaintzarik onena.

Baina eskaintza hura estimatuko zuen jainkorik ez egonda ere, berdin zitzaion.

Eta azkenean, lo gelditu zen.